Iñigo Burguik egin du XXXI. dFERIAko kartela
2025eko dFERIA martxoaren 16tik 20ra bitartean egingo da eta Iñigo Burgui diseinatzaile eta publizista izan da irudiaren sortzailea. Bere lanak honako izenburua du Dena ikusten duen begia: dFERIA 2025en begirada bikoitza.
Honela aurkeztu du Iñigo Burguik kartela:
"Kartelaren kontzeptualizazioaren bihotzean, dualtasun handi bat dago: ekitaldiaren izaera komertziala nahiz haren mezu sozial sakonagoa islatzen ditu, biak ala biak.
dFeriak, arte eszenikoetarako derrigorrezko topaguneak, ezinbesteko funtzioa dauka antzerki-ekosisteman. dFerian, erosleek eta saltzaileek topo egiten dute, antzezlanak erakutsi egiten dira eta merkataritza-erabakiak tentu handiz hartzen dira. Programatzaileek proposamen guztiak ebaluatzen, konparatzen eta aztertzen dituzte, eta etorkizuneko programazioetan eragina izango duten erabakiak hartzen dituzte.
Aurtengo edizioko goiburuak (Esplotazioa) esplotazio-sistema hauek bereizgarri dituzten kontrol- eta zaintza-mekanismoak esploratzera eraman ninduen. Etengabeko behaketa, zaintzen eta kontrolatzen duen begirada, ezinbesteko tresna orwelliarra da. Giza ongizatearen kontura efizientzia maximizatu nahi duten gainbegiratze-sistemetan gauzatzen da zaintza hori.
Bi kontzeptu horiek, bat egiten dutenean, Behatzeko egintzan gauzatzen dira. Kartelean ugarituta eta distortsionatuta ageri den begiak bi gauza irudikatzen ditu: batetik, merkatu artistikoaren begirada ebaluatzailea eta, bestetik, esplotazio-sistemen nonahiko zaintza. Tratamendu bisualak dualtasun hori indartzen duen tentsioa sortzen du. Gainera, hausnartzeko bide ematen duten esanahi-geruzak sortzen ditu.
Begiaren errepikapen kaleidoskopikoak behatze-geruza horiek irudikatzen ditu: begirada komertziala, zaintza sistematikoa, proposamen artistikoen publikoen begiradak. Hartara, efektu kezkagarri bat sortzen du, nork nor behatzen duen zalantzan jartzen duena.
Kartelak informatzeko eta komunikatzeko balio du, baina ez horretarako bakarrik: iruzkin sozialeko pieza bat ere izan nahi du. Azken irudiak, kultura-ekitaldi bat sustatzeaz gain, artearen munduko eta, orokorrean, gizarteko botere- eta behatze-dinamikei buruz hausnartzeko bide ematen digu.
Proposamen bisual honek azoka baten berezko alderdi komertziala eta kritika sozial sakonagoa bateratu nahi ditu. Horretarako, sektoreko profesionalekin nahiz publiko orokorrarekin berdin-berdin mintzatzen den elkarrizketa bisual bat sortzen du. Mundu (artistiko) garaikidearen konplexutasunak eta kontraesanak islatzen dituen ispilua da, bada".